XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Barnea erakundetzen.

II-III. mendeetako krisi-urteetan, Eliza hierarkizatzen hasi zen, Estatuaren kideko antolamendu bat egokituz: eliz probintziak, diozesiak.

Erroma-ko apezpikuari buruzagitza bat aitortu zitzaion, kargudunen ardurak mailakatu egin ziren...

Ordurako Elizak bere oinarri soziala zabalduagoa zuenez, antolamendu hierarkiadun horretan klase jasoagoak ere eskuhartzen hasi ziren.

Geroz eta areago, itzalez begiratutako erakundea zen Eliza, klase boteretsuek ere maita zezaketena alegia.

Instituzioztapen honek interes berriak biltzen zituen Elizaren ingurura.

Ez da, beraz, harritzekoa gizarteko gatazkak ere Elizaren barnean, behin baino gehiagotan, heresi gisara piztu baldin baziren.

3. Eliza eta Estatua elkarrekin.

Honela iristen gara IV. mendera: Elizak badu orain Estatuaren beraren lehiakide ere izateko lain indar, eta Diokleziano enperadorea beldur da kristau-herriarengandik etor lekiokeenaz: Hark eman zion su kristauen kontrako azken pertsegizioari.

Hori gorabehera, kristau-herriak erro sozial zabalak ditu, eta belaunaldi gutxiren buruan esanahi handiko pausoak eman ahal izango ditu: 312. urtean, Milan-go Ediktuak erlijio-tolerantzia onartuko du (= Elizarentzat bakea), eta 380ean, berriz, Teodosio-k Inperioko erlijio ofizial bakartzat aitortuko du kristautasuna (= Elizaren nagusitasun ideologiko-politikoa).

Elizak eta Estatuak, elkartuta, kristandade-mundua moldatzen dute, zenbait aldakuntza eta gorabehera ezberdinekin Aro Garaikideraino luzatuko den botere-banaketa.

Bosch-en Azken Judizioa.

Gizonaren semea bere aintzan datorrenean, aingeru guztiek babestua, orduan eseriko da bere aintza-tronoan.

Nazio guztiak haren aurrean bilduta, jendea elkarrengandik berezten hasiko da, artzainak akerrak ardiengandik berezten dituen bezala.

Ardiak bere eskuinean jarriko ditu eta akerrak bere ezkerrean...

Azken hauek betiereko zigorretara abiatuko dira, zuzenak, berriz, betiereko bizitza. (MATEO: Ebanjelioa).